XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hiria handitzen hasi zelarik, jende-parrastaren artean euskal urre-bilatzaileak ere heldu ziren bertara.

Euskaldunen kopurua goititu ahala, sortu ziren euskal hotelak, 1866an zabaldutako Aguirre hotela hirian dokumentaturik ezagutzen dugun zaharrena.

Californiako Eskual Herria kazetaren bidez badakigu, esaterako, 1893an hiriko euskaldunek oturuntza edo bankete berezia egin zutela 1849ko euskal forty-niners edo urre-bilatzaile zaharren omenez.

Hiriko euskaldunen artean bazen mugimendua eta eratzen ziren ekintzak, beraz, nahiz eta euskal klub edo elkarte formalik ez zen izan XX. mendera arte.

1907an, Stocktonen, San Franciscotik larogeita bi miliara, kluba sortzekotan ibili ziren.

Eta San Franciscon bertan Zazpiak Bat Club sortu zen 1924an, nahiz eta hamarkada pasea baizik iraun ez zuen.

Gogoratu, ordurako sortua zela New Yorken, 1913an, New Yorkeko Euskal Etxea, eta 1914an Utah-ko euskaldunek legeztatu zituztela Ogden-en bertako Basque Clubaren lehen estatutuak.

San Franciscoko euskal klubaren historiari jarraiki, 1960. eta 70. hamarkadetan elkarte berria osatu zen hirian, lokal propiorik gabe ordea.

1982an, berriz, familia askoren izerdi eta ahaleginei esker, San Franciscoko Basque Cultural Center delakoaren eraikina inauguratu zen, etxe apaina, parking handiaz, pilotaleku estalia, errestaurante dotorea, bilera-aretoak, bulegoak eta beste hainbat zerbitzu barnean.

Festa handia eratzen dute urtero San Franciscon, edifizio hau eraiki zeneko urtebetetzea behar bezala ospatzeko.

Aurtengoan, gainera, omenaldia eginez urte askotan Estatu Batuetako euskal dantza eta musika mugimenduaren eragile eta suspertzaile izan diren hiru soinujoleri: Kaliforniako Pedro Juan Etchamendy baxenafartarrari, Idahoko Jim Jausoro bizkaitarrari eta Nevadako Bernardo Yanci nafartarrari.